XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Honen ondorioz, komenigarria da animali taldeen sistematikan jarduten diren espezialistak izatea materialea jasotzen dutenak eta ahalik eta datu ekologiko gehien batzea.

Dudarik gabe, biologo-buzeatzaileak informazio asko aurkeztu dezake mota honetako ikerketetan.

Ikerketa planktologiko eta hidrografikoetan, animali espezie jakin batzu bilatzen dira, hauen bidez medioaren zenbait ezaugarri ezagutzeko.

Hidromedusak baldintza hidrografikoen adierazle biologikoak dira, batez ere ur masen mugimenduena, eta ondorioz, hauen laguntza garrantzitsua izan daiteke.

Erabilgarritasun hau alde batera utzirik, animali talde honek gizonarentzat dituen balio zuzenak oso murriak dira.

Aintzinatetik egin den koral gorriaren (Corallium rubrum) erabilera baztertu ezkero, bisuteriarako, apaingarri bezala edo ustez dituen ahalmen majikoak direla eta, gutxi dira gizonarentzat interesik duten espezieak, interes honetatik kanpo uzten baldin badugu, noski, naturan animali liluragarri eta askotan koloretsu hauek ikustatzeak eskaintzen duen atsegina.

Elikagai bezala duten interesari dagokionez, antozoo batzu janari gisa erabiltzen dira zenbait lurraldetan.

Hau da gure kostaldean asko agertzen diren bi espezien kasua Anemonia viridis eta Urticina felina, baina guk, noski, ez dugu gordinik jatea gomendatzen.

Txina eta Japonen ere eszifomedusa batzu jaten dira.

Interes haundia dute medizina arlotik, gizonaren ehuna zenbait espeziek ukitzen dutenean gertatzen den efektua dela eta.

Hau, knidarioaren ehunetan, lehen ere aipatu ditugun estruktura batzu knidozistoak daudelako gertatzen da.

Estruktura hauek, batzutan gizonarentzat ere arriskutsua den pozoina daramate.

Efektu hauek markatuagoak dira espezie tropikaletan, eta hauen artean Chironex fleckeri medusa aipatu behar dugu, benetan pozointsua delako, heriotza eragin dezakeelarik minutu gutxitan.

Europako uretan ere agertzen zaizkigu kalte larriak eragiteko gai diren zenbait espezie, fisalia (Physalia physalis) sinoforoarekin edo zenbait eszifomedusekin gertatzen den bezala.

Fisaliak bederatzi metro baino gehiago zabal daitezkeen eta knidozisto ugari dituzten tentakuluak ditu.

1980ko urrian animali-kolonia hauen inbasioa eman zen Donostian.

Pertsona guztiek ez dituzte berdin jasaten animali hauen efektuak, pertsona bakoitzaren sentiberatasun mailarekin zuzenean loturik bait doaz eragin ditzaketen kalteak.

Faktore hau oso garrantzitsua da knidario espezie batek indibiduo desberdinetan eragiten dituen efektu ezberdinak azaltzeko orduan.

Noizean behin, pertsona batek, erreakzio anafilaktikoak deiturikoak izan ditzake, hau da, gorputzean sentiberatasun berezia sortzen da ehunak pozoina ukitzean, eta ondoren, pertsonaren heriotza gerta daiteke, denbora jakin baten barruan antzeko animali bat ukitu ezkero.

Orokorrean esateko, larritasuna, espeziea, knidozisto mota, honen ahalmena azalean sartzeko, kalteturiko azalaren zabalera eta pertsonak pozoinaren aurrean duen sentiberatasunaren arauera egoten da.

Pozoinak eragiten dituen efektuak alde batera utziz, aplikazio bezala, koralezko uharteetan kokaturiko populazio batzutan koralen eskeletoekin burutzen dena aipatuko dugu.

Apaingarri gisa edo akuariofilian duen erabilgarritasuna kontutan izan gabe, koralezko blokeek etxebizitzak eraikitzeko erabiltzen dira, honek arrefizean eragiten duen kaltearekin.

Bitxikeri gisa, Noruega bezalako zenbait herritan, Euskal Herriko kostaldean ere agertzen zaigun Aurelia aurita medusa erreumaren aurkako tratamenduan erabili izan da.

Orain arte, gizonarentzat dituen aplikazio zuzenak ikusi ditugu, nahiko eskasak.

Beste leku bat merezi du, medusak, gizonarentzat interes haundia duten arrainen etsai edo depredatzaileak direla, eragin batez ere kaltegarriak dituztelarik.

Batzutan, eszifomedusa espezie jakin baten esplosioa gertatzen da, arrantzako sareen lana asko zailduz, hauez betetzen bait dira.

Ugaritasuna, traineruen martxa zailtzeko bezain haundia izan daiteke.

Literaturan agertzen dira gai honi buruzko anekdotak: arraunak posizio bertikalean jarri Aurelia-z beteriko urean eta horrela mantentzen zirela; edo itsasoa gelatinazkoa zela zirudiela, inbasio hauetako baten eraginez.

Hala eta guztiz, Chrysaora-k, ostra eta txirlentzat oso kaltegarriak diren, hauen larbak jaten dituztelako, ktenoforo asko jaten ditu.

Gizonarentzat interes komertziala duten arrain guztien bizitza planktonean hasten da, eta bertan bizi dira zenbait hilabete arraultzatik irten ondoren.

Arraultz eta larba hauen lekua oso garrantzitsua da plankton komunitatean.

Urte bat oso ona baldin bada medusa edo knetoforoentzat, arrain-arraultz gehiago jango dituzte, eta ondorioz, hurrengo urteetako arrain helduen kopurua txikiagoa izango da.

Alderantzizko erlazioa ikus daiteke Aurelia-rekin.